II

GURE EDERGAILLU

 

Or ago bitxi dirdirakorra, edertasunez beterik,

ain zuzen ere gaillen jaikia, beste mendien tartetik.

Zeru-lur lur tartetsune ori, osatzen denen gaiñetik...

Zeren agermen daukak orrela, buru-gandorrak altxarik?

 

Beeko narroan oiña arturik, baso itzalez betea,

orpo sendodun arkaitz irtenak, baten gaiñean bestea.

Gerriaz beetik toki nasaia, aritz ta pagoz jantzia,

paparra zabal, bularra sendo... Gaztelu baten antzera!

 

Egunsentiro pozkarri denak, batera zaikik esnaatzen.

Ego-epelak aruntz-onuntzaz, laiño zirdiñak arrotzen...

Eguzki pintzak lurra epelduz, gabeko intza legortzen...

Etzekit nola une berean ez aizen pozaz lertutzen!...

 

Zeru-sapaian izar kiñuek aizken dizdira galtzean,

goitar illargi musu-zabala, ez-egindua jartzean...

Illuñak iges izutuxea, argian bildur atzean,

egun berriak besarkatzen au, gozatsu bake-bakean!

 

Eguzki berak izpi legunez, egunaren argitzean,

laztan xamurrez artu izan au, amak semea antzean.

Epel, gozoro, egun osoan, eta gero aldentzean...

Parre-irria iretzat zeukak, bera itxasperatzean!

 

Or dituk denak eure kolkoan edergarritzat artuak,

Belar bigunak lore-bitxitan, ote-motx lakar moztuak.

Ardi-bidexka estu pirriak, ximaur-aleka beztuak...

Tarteka ezko, tarteka igar, txillar moltsoka txostuak...

 

Arrarteetan gorde-gordeka, zelai irtekun medarrak.

Kare-arrien masailletara usaintsu lore bakarrak.

Araba-ote erdi-igarrak, zapal etziñik adarrak,

diruditela, illargiari galdu zaikion ondarrak...

 

Artalde txuri ibiltaria, egunan leenen ordutan,

artesi barnen bizkar arinka, orruaz larre-mietan.

Gaba abaroz egiña noski, beren sarobi zaarretan,

bana-biaka andik irtenaz, bat besteari bultzakan.

 

Txori laukote jaio berriek, pirrinka egaz astera.

Bi mitxeleta pitxi-potxoki, lurrari muinka ostera.

Erleak zorrotz daro eztena, lore batetik bestera...

Iñork ederrez ezin berdindu, ire soiaren jazkera!...

 

Oro panpoxa jantzitzen aute, artzain etxola pizerrak,

ardura guziz arriz egiñak, gure aurretiko zaarrak.

Errezumen gain pagadar lirain, estalki zoi ta txillarrak,

inguru-bira babes dezaten, ezker-eskuma lizarrak.

 

Or dituk ere azal-urraka, ezin egonik gordean,

iturri otzak pol-pol ixuriz, batean eta bestean.

Ur-axaletan errekatxoek, sartu-irtenka lurpean...

Ziza usainkor txuri barexkak, azkor txillarra tartean...

 

Arkaitz biziak zinzilik-edo, alatsu dauzkak errotik,

amildu guraz baleude gisa, lurra lur den ezkeroztik.

Baiñan Jainkoak ala nai-eta, bere aalmenez eskutik,

eusten ziotzek, amil ez daikon, bakoitza beren tokitik.

 

Betekizuna ortan izaki, egon neketsu orretan,

sortzetik onuntz dirauten gisa, izango dituk burrukan.

Ekaitz-aurreko orratz zorrotzak, tximistak lerka sarritan...

Bai, gu gizonok aituko gaituk, baiñan irekin zorretan!

 

Arkaitz muturrak aize burriña ebakitzeaz batera,

odei erasoz arri-abarra, datorkik eure gainera.

Alaz baditek gordelekurik, bilduaz txoko-mokora,

ardi, arkume otsanen babes, ama baintza antzera...

 

Arrano maltzur arroxko orrek, txori xotillek esnaazi,

bele-beltzaren karraska latzak, aurrena kizkur erazi.

Alaz txikiei emana daukak ar-zulotxoan lo-esi

Ta esker onez eskeinka dituk, aldiro milla eresi...

 

Mendizalean egurastoki, urte luzean buruan,

kolko zabalik luze etsia, noiz igoko ote zaidan.

Zer esan diok belar-ondoan, bakarka ixil-mintzoan,

zoramen-giliz edo jartzeko, irekin aizken orduan?..

 

Zentzu duenak ase dezakek, ikus-min gogo-bizia,

lau egaltatik ozkaka gisa baiduk gure sorterria.

Aurretik parrez Giputz argia, atzez Araba zelaia,

saiets eskumaz Naparra zaarra, eta ezkerrez Bizkaia...

 

Ikus gindezkek masail ortatik, urratu barik begiak,

baso gordiak, zelai zabaldi, auzo, errixka, uriak.

Ibai dantzari, mendi jeikiak, diz-diz basetxe txuriak,

itxas-urdia, soro, sagasti, batekoz-bese bideak...

 

Uztai osoro begipetuak, lanean zuur dabiltzanak,

zokoetatik gora arrotzen, ke-adar austsu lizunak.

Lurraz burrukan, nekeak janak, nekazari ezagunak,

txondar illunak, eta ikazkin illunagoak direnak...

 

Ainbat bitxiren osin betean, ederren nere ustean,

ardi zinzarri sori-motelak, bee emekoiez naastean.

Txorien lelo eten eziña, moxalak irrintz bizian,

zeru-eresi giligarria oiartzun denak batean...

 

Ire gandura iñoiz ausnartzen, jarri izan naizenean,

maite-min edo, olatsu zerbait, jaiotzen zaidak barnean...

Nai, ta eziaz, edo antzera, lurretik zeru-bidean,

giza-liskarraz gogait egia, mindua ote agoan...

 

Apar gaiñetik maxia didat, aitatu didan guzia,

badek ordea gordean zerbait, ta ori ire bizia.

Sail muskerretan millaka ardi, bilduez larre ezea,

ta arkaitz jaikiok bezin zaar den artzaingoan izatea...

 

Ezti-liketan jardun nindekek, soiñean azal-urraka,

alaz mamira sartu nai nikak, aurre-sarea urra-ta.

Esan-miñaren txingar moltsoak, erre aurretik biotza...

Beingoz bederik, itotzen detan, gilikatzen naun burruka!

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus