I

SARRERA

 

Aizkorri errai mardul, natorkik oparo,

zertxobaitek zulaka, barrendikan oro.

Zerbait orren mamia ik dekan ezkero,

miaren bultzak nakark surtan bero-bero.

 

Edertasunik aski azalean badek,

baiñan barren-mamia bitxiagoa dek.

Egiztatzen bazaidak nere amets auek,

nai nikakek orraztu azal-mami oiek.

 

Bidatxidor medarrak, aldatz ikusirik,

alaz gogoa gaiaz, or zeukat jarririk.

Barren-eskeak ez dik billatzen nekerik...

Ez bere bultza lotu leikan lokarririk...

 

Aurrez-aurre aukakit, begiz alden gabe,

barrendikako nere amets denen jabe.

Osin sakon ontantxen sorturiko labe...

Jaso-miez zetorkit, mail bat bedik ere!

 

Jolas-lagun giñukan, ni gazte nintzala,

ta gaur ikuste utsaz damaidak itzala...

Ire biotz-ondoa, ire soin zabala,

bazekiat ordea, leena bera dala!

 

Antzin niñukanean bigun eta gazte,

oiezko zuurragorik, beste nor bai ote?..

Egal ezberdin oiek, gaillur ta arrarte,

denak lautoki itun, denak aldazgabe...

 

Nere mende nuela, aitan artaldea,

bi-bider igoa nauk, Aizkorri maitea...

Pardeltxoan narola, otordu-leeea,

ortxen artzen bai nian, lo-leku gordea...

 

Artaldean ondoren, ire zelaietan,

oiuz eta irrintziz arkaitz maldarretan.

Zanko-lego egiaz, bein edo birritan,

aro aren barrengo urte zoroetan...

 

Ire paparrak etzin, bide-bidatxorrik,

arkaitz irtekun eta tarteko tbxokrik.

Axal-zulo illunik, iturri garbirik...

Nere begi ta oiñon ezagun etzenik!..

 

Artzantzaro urteak, ire kolko ortan,

gazterik egona nauk, bakarti goietan.

Axeri-zaarren bildur, gau-beltz illunetan.

Egutaro onakin... Ekaitz egunetan...

 

Egiz, azkor zetiat bultzaka barrendik,

kimu ezexka auek enpor igarretik.

Gogoa bizi-bizi, urri aalmenetik,

bat besteaz burrukan ezin opildurik...

 

Ta, zergatik deritzak Aizkorri maitea,

apar-ezti guziok ixil gordetzea?...

Ez! Antzindik zaik bide, alki berezia,

zor zaikan neurrietan, ordain ematea!...

 

Zuzen aitortzezkero, or diguk utzia,

sortu giñan ezkeroz, izate erdia.

Kutsu gozodun lurrin... Amasa eztia...

Zoramenaren muin-da, pozezko bizia...

 

 

 

© Martin Ugarte

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus