MARTIN UGARTE, OLERKARIA

 

        Urteak dira, ezagutu nuala.

        Eskutada on bat olerkirekin etorri zitzaidan. Ez nuan nik  artean ezagutzen. Berak, ni bai. Andoain'en zan; Pedro Arregi'ren etxean.

        Bere olerkiak nik ikustea nai; ea zer nerizkion?

 

* * *

 

        Gizon sasoikoa zan Martin. Gaur aitondua, lau billoben AITA-JAUN eldua.

        Ez da alper egon bitartean. Neri orduan ekarri zidan eskutada asko aunditu da. Orduan alako iru da.

        Sariak ere irabazi ditu, artean. Urteoro Joan izan da Amorebieta'ko Larrea'n, Aita Onaindia'k urteoro eratu dituan batzarretara.

 

* * *

 

        Iru zati ditu gaurko gure Martin'en eskutadak.

        1) Artzantzari opatua;

        2) Errotari opatua; eta

        3) Esaera zaarrei -Atsotitzai- opatua.

        Neri lenengoz etorri zitzaidanean ekarritako sorta, ARTZANTZA'ri buruzkoa zan. Artzantza'ri eta Aizkorri'ri, Aizkorri mendiari. Pagotxa gozoa Martin'en aorako.

        Martin gaur industrial billakatua dagon arren, txikitan eta gaztetan artzai izandakoa da. Artzai izandakoa, ain zuzen, Aizkorri'n. Egoerarik eta arierarik egokienean azia zegon, Aizkorri'ko Artzantzaren sekreto guztiak ezagutzeko. Bañan,

batez ere, Jaungoikoak Goi-deiez ortarako aukeraturik eta Artzantza prestaturik zeukan, salbo-ta, Berjelio batek bezela Artzantzaren bitxitasunak kantatzeko. Begi ernaiez ikusteko eta biotz sentikorrez sentitzeko; Artzantzaren edertasunak euskal-doiñuan kantatzeko

 

* * *

 

        Ola ezagutzen genduan guk, Legazpi'ko Telleriarte-auzoan, Saletxe basarrian jaio, ta bizi dan gure Martin Ugarte. Artzai kantari.

        Gaur, ordea, —eta ain egoki— beste gai bat kantatu nai izan digu; ERROTA.        «Bolua» Bizkaia'an; «Errota» Gipuzkoa'n, «Eihera, Igera, Igara» Ifarraldean... Gure errekatxoetako idraualdi batean probetxatuaz arto eta gari-alea eiotzeko aspaldi-aspaldi batean sortutako tramankulu atifizioa. Artifizio apal, umil, sinpatikoa. «Errota-pio, klak-klak» esanaz txikitan jolasten genduana. «Errota-pio, klak-klak».

        Eiherari, Errotari, Boluari kantatzen dio oraingoan gure Martin'ek. Maitezko kanta bat. Agurrezko kanta bat, bear bada...

        Arrai aundiak arrai txikia jaten duan —jaten omen duan— bezela industria aundiak ia-janean bait dauka gure Errotaren izaera. Laister ez da entzungo gure artean «Errota-pio, klak-klak»ik.

        Bañan gure Literaturan, Martin'en Poesiari esker, entzungo da gure Errota maitagarriaren zerbait: kliketa gozo bat...

        Eta, entzun ere, leengo ritmotik kanpora dagon beste bertso-izaera batean: Bertso Askatu, Bertso Librean...

 

* * *

 

        Orain arteko gure Martin'en Bertso-metrika, ritmo neurtuzkoa izan da; gu ondo arriturik geneduzkan ritmo ozen eta kortxetatua.

        Gaur, Errotariaren kantuari gure gaurko Martin'ek Bertso Askatua opa dio; silabaen eta oñen ritmoari baño, pentsamentuaren ritmoari areago begiratuaz. — Errotak berak du  nunbait naiko «Bertso Lotu»— Martin'ek bere bertso berriari kortsea askatu dio, oitutako gorontza estua askatu. Eta ikustekoa da nolako askatasun txairoz.

 

* * *

 

        Bañan Ritmo Askatuaz gañera ere, oso txairo ta askatasun  aundiz erabiltzen bait du lan ontan, legazpiar olerkariak, Literaturaren alorrean garrantzi aundi duan beste elementu bat ere;  Imajen eta Metaforaen elementua, bere lan poetikoari aberastasun aundi bat emanaz.

        Eta, oietaz gaera, erabiltzen bait ditu aire ta boye zenbait prozedura, Errataulika zaarrean figuras de dicción eta  figuras de pensamiento esaten genienak, bere Poema luzexkari batasun eder bat emanaz.

 

* * *

 

        Bi idaz-lan berezi oien ondoren, erderazko Atsotitz bat  etortzen zaigu gogora: «No ay dos, sin tres».  Biak irua nai...

        Eta, ain zuzen, orixe gertatzen da oraingo ontan ere; gure  Martin'ek, bere bi idaz-lan oien ondoren, beste irugarren bat erregali egiten digu; eta, ain zuzen, atsotitzai dagokien idaz-lan  eder bat. «No ay dos, sin tres» dion atsotitzari erantzunaz; atsotitzaren gaiari dagokion lan eder-eder bat, irureun da geiago atsotitz eta esaera zaar aztertuaz, atxurtuaz, jorratuaz: Irureun  da geiago atsotitz jator-jator, euskera ederrean jakintsuki jorratuaz.

        Irakurle: zerorrek ikus.

 

* * *

 

Oyartzun'en, 1984'gn. Abuztuan

Manuel LEKUONA'k

 

 

 

© Manuel Lekuona

 


"Jatorriaren errotik" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus