XXX

 

        Bildurra. Arnas eutsia. Izerdi hotza. Ikaragarrizko zeru apalak itotzen du goizaldia. (Nondik itzuri ez dago). Ixilaldia... Maitasuna gelditu da. Gaiztakeria dardarka dabil. Urrikitasunak ixten ditu begiak. Ixiltasun haundiagoa.

        Zerutik herrira eroriko litzakeen harrizko karga izugarri baten antzera trumoi ito, burrundatsu, amaigabekoa goiz bakar-bakarrean zehar dabil luzaroan (ihes egiterik ez dago).

        Gauza makal guziak —loreak, txoriak— izatetik galtzen dira.

        Zorigaitz beterik argitzen den Juangoikoaren zeru leiho zirritutik ikara, beldurti, begira dago.

        Han, eguzki-aldean, odol-laino zarrata artean, iluntasun garaitu ezin duten masusta eta arrosa kolore hotz zikin goibelak ikusten dira.

        Argizkila. Argizkila gogor eta etsia, trumoi artean, negar-zotinka dago. Munduko azken argizkila? Eta ezkilak laster bukatzea nahi dugu, edo indartsuago jotzea, askoz indartsuago, ekaitza ito dezan arteraino.

        Eta bagoaz alde batetik bestera eta mesedez eskatzen ari gara eta ez dakigu zer nahi dugun.

        (Nondik itzuri ez dago). Bihotzak hormatuak daude. Haurrak begarrez ari dira...

        —Zer egingo ote du Platerok, hain bakarrik, han oilategiko ukuiluaren bakartasunean?

 

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus