XXV

 

        Hor duzu, Platero, beltzaran eta pizkorra Montemayorko Ama Birjinaren imajinako kabi hauts-urdinean, beti ondo begiratutako kabian. Zorigabekoa izututa bezala dago. Joan den astean, ordu bitako eguzkia ilunduta, kotan gorde zirenean oiloak okerrean zeuden bezala oraingoan enarek oker daudela deritzait. Udaberri buruarina goizago jaiki zen aurten baina Martxoko ohe goibelean gorde behar izan du dardarka bere larrugorritasun xamurra. Mina ematen du laranjadiko arrosa jaio-berriak ihartzen ikusteak!

        Dagoeneko hemen dira enarak, Platero, eta bere etortzeko lehenbiziko egunean nonnahi kus-kus eta usainka ari dira eta gelditugabe beren txorrotxio kuskurtuan mintzatzen dira baino ez dira beste urteetan adina aditzen.

        Loreek kontatzen zioten Afrikan ikusitakoa, bere itsasozko joan-etorria, ontzietako sokazko itsutaetan jarririk; edo hegala haize-oihaltzat dutela uran etzanda, beste ilunabarretaz, beste goiz-argitaz, beste gau izartsuetaz.

        Ez dakite zer egin. Beren bidea ume baten hanka-azpian hartuta, nora-ezean dabiltz han txingurrien antzera mutuak, eta galduta bezala hegalka dabiltz:

        Ez dira ausartzen bukaeran apaintasun ttiki hura duen Kale Berrian gora eta behera, beti xuxen-xuxen ibiltzen, ez beren putzuetako kabietan sartzen ez ifar-haizeak burrunba-erazten dituen telegrafoko burni-argietan argi katilu txurien ondoan gelditzen... Hotzez hilko dira, Platero!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus