XXIV

 

        Darbón, Plateroren sendagilea, idi txuri-beltza bezalako haundia, ur-meloi bat bezalako gorria da. Hamaika arroa pisatzen ditu. Baditu hiru bost-pezetako adina urre, berak dioenez. Hitz-egitean, piano zaharrei bezala soinu batzuek huts egiten diote; beste batzuetan hitz baten ordez haize jario bat ateratzen zaio. Eta huts horiek, baten nahia betetzeko adina buru makurtzeak, esku goraketak, zalantza leloak, eztarriko antsiak eta sugur-zapira laguntasuntzat daramazkite. Afalaurreko soinu jotze atsegina.

        Hortzik batere ez zaio gelditzen eta, ia, eskuetan lehenago gozatzen duen ogi-mamia, besterik ez du jaten. Pilota bat egiten du eta aho gorrira! Hor dauka jira biraka ordu betean. Gero, beste pilota bat, eta beste bat. Hortz-oiarekin txehetzen ditu eta kokotsak sudur luzea ukitzen du.

        Idi txuri-beltza bezalako haundia dela esan dut. Errementegiko atean jarrita gordetzen du etxe osoa. Baina Platerorekin haur bat bezala samurtzen da. Eta lore bat edo txoritxo bat ikusi ezkero bat batean aho osoa zabalduaz, beti negarrean bukatzen den farra egiten du luzaroan. Gero, lasaituta, kanposanto zaharreko aldera begiratzen du:

        —Nere nexka, nere nexka, gaxoa...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus