XXIII

 

        Eskuak patrikeran sartu genituen, ustekabean, eta pinadi itxi batean sartzen denean bezala, kopetak itzal prexkuaren hegakada arina sumatu zuen. Oiloak, banaka-banaka, bildu ziren bere kota babesean. Inguruan, mendi-zelaiak, aldare nagusiko oihal moreak estalpetuko balitu bezala, beuren berdetasuna beltzez jantzi zuten. Urrutiko itsasoa txuri-txuri ikusi zen eta izar batzuek indargabe argitu ziren. Nola aldatzen ari ziren etxegainak txuritasun bat beste txuritasunen ordez! Han gaudezenak, txiki eta goibelduak, ilun-aldiko ixiltasun labur hartan, txantxa hobe edo txarragoak alkarri oihuka esan genizkion.

        Eguzkiari begiratu genion edozerekin: teatroko begitakoekin, ikusmen luzeko antijuekin, botila bateko, kristal ketutako batekin; baita alde guztietatik: ikustokitik, oilategiko eskalatik, mandioko leihotik, ate aurreko burnizko itxituratik, bere kristal gorri urdinetan zehar.

        Lehentxeago, bere argizko eta urrezko nasaitasunez, dena bi, hiru, ehun aldiz haundiagoa eta hobeagoa egiten zuen eguzkiak ezkutatzean, ilunabarrearen aldatze luzerik gabe, lehenago ontzak eta gero zilarra kobrearen ordez trukatu balu bezala, guzia bakarra eta behartsua utzitzen zuen.

        Herria kanbio gabeko sos herdoitsu bat bezalakoa zen. Bai goibelak eta txikiak zirela kaleak, plazak, torrea, mendiko bideak!

        Platerok hau oilategian, ez lehen bezela egiazkoa, bertzelakoa, moztua, beste akto bat zirudien...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus