XXII

 

        Patero eta nik gure gaueko ibilaldiak direla eta, ondo ezagutzen dugu kirkerraren soinua. Kirkerraren lehenbiziko kantua ilunabarrean zalantzeko, ixila eta latza da. Tonua aldatzen du, beretik ikasten du, eta piskan-piskan igoaz, bere tokian jartzen da, lekuaren eta orduaren neurri-goxotasunen bila ibiliko balitz bezala. Bat batean, zeru berde eta argian izarrak daudela, hartzen du bere kantuak txintxerri bakar baten soinudun goxotasuna.

        Itxas-haize ozpin eta moreak dihoaz eta datoz; irekitzen dira osoro zeruko loriak eta zerulur nahaspiltutako zelai urdinen lurrin argi zerutar bat han-hemenka dabil.

        Eta kirkerraren soinuak goratuz mendi zelaiak betetzen dira, itzalaren mintxoa bezala da. Ez dabil orain zalantzan, ezta ixiltzen. Bere baitatik aterako balitz bezala, kristal ilunen anaitasun batean soinu bakoitza bestearen bizkia da. Orduak bare-bare dihoazte. Ez dago borrokarik munduan eta, bere ametsaren goiko mugan zerua ikusten duela, baserritarrak ondo lo egiten du. Agian, begiak begietan dituela, maitetasuna harri etsi baten sasi tartean harrituta dabil. Gaztetasun argi, on eta lokarrik gabeko batean bezela, baba landareak lurrin samurrezko susmur bat bialtzen dute herrira. Eta ogi-landareak, ilargi berdez beterik, bilin balaunka ibiliaz, ordu bietako, hiruetako, lauetako... haizean amesten dute. Kirkerraren kantua jotzearen jotzez galdu da. Hor dago! O kirkerraren goizeko soinua: bidexiorrak izotzaz txuriturik dira; eta hotzikarak ixtu-ixtu eginda, Platero eta biak etxeratzen gara. Ilargia logale eta gorrizta beheiti dihoa. Honezkero kirkerraren kantuak ilargiz beterik dago, izarrez mozkortuta, bihotz gainez egina, barrendatuta, ugaria. Laino-haundi beltz, ertz more-urdin batzuek itsasotik eguna poliki-poliki ateratzen dute.

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus