XXI

 

        Manda-eulien ziztatekoetatik Platero odola dariola dihoa, odol lodi eta ilun bat. Beregana inoiz ere ailegatzen ez garen pinu bat txirritxa zerratzen ari da. Begiak irekitzean lo kuluxka labur ondorean hondarrezko lur zelaiak txuriak bihurtzen zaizkit, hotzak bere berotasunean, sorginezkoak.

        Txaradi motzak izarrez bezala ezbaiko lore haundiez, beterik daude, keezko arrosak, gasazkoak, paper mehe-leunezkoak, beren lau malko gorriekin. Eta lanbro itogarri batek txuritzen ditu pinu motzak. Inoiz ikusitako txori hori beltzez pintakatu bat, betikotz bezala, gelditzen da adar baten gainean muturik.

        Baratz-zaindariak, tobera jotzen dute talde urdin haunditan laranjen bila datozten txoriak izutzearren.

        Intxaurrondo baten gerizpean heldu garenean bi meloi-gorri ebakitzen ditut eta beurek irekitzen dute bere izotz gorri arrosa karrask luze prexko batekin. Nik jaten dut nerea geldi-geldi urrutian herriko bezperak entzuten ditudala. Platerok berearen azukrezko mami goxoa ura balitz bezala edaten du.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus