XX

 

        Liburu batean hauxe letzen dut: «Asto jakinduria: txantxetan esaten da asto erakustea esan beharren ordez».

        Asto gaxoa! Horren ona, horren leiala, horren argia zerala eta! Txantxetan... Zergatik? Zure egizko erakustea udaberriko ipui bat izango litzake eta ez duzu merezi zinezko erakuste bat? Ona den gizonari astoa deitu beharko lioteke eta! Gaixtoa den astoari gizona deitu beharko lioteke eta! Txantxetan... Zutaz, horren jakintsua, guzien adiskidea, zaharraren eta haurraren, errekaren eta pinpilinpauxaren, eguzkiaren eta zakurraren, lorearen eta ilargiaren, zutaz, eramankor, pentsazale, ameskor, maitagarri, zelaitako Marko Aurelio hori...

        Platerok igertzen du noski eta, bere begi haundi argitsu guri gogorrez, zorrotz begiratzen nau. Haietan tiki-tiki eta dizdizkor, eguzkia dirdiratzen da zeru beltz, labur eta borobil batean.

        Ai! Bere buru haundi iledun, maite-eztitsuek balakite arrazoia ematen diodala; bera bezain liburu onak eskribitzen duten gizonek baino hobea naizela!

        Eta izkina batean eskribitu dut: Asto jakinduria: txantxetan esan behar da, jakina! Hiztegiak eskribitzen duen gizon ergelaren erakustea esan beharren ordez.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus