XIX

 

        Montemayor'ko beserrira gindoazen, txekorren ferrategira. Arratsaldetxoaren zeru-urdin mugagabe eta bero-beroaren pean, zaldi sasoitutako arrantzaz, emakumeen farre prexkoz eta zaunga zorrotz-ajoltsuz soinudun, harrizko ataria, itzalez beterik, dardarka zegoen. Platero txoko batean kezkatu egiten zen.

        —Baina, gizona —esan nion— zu ezin zintezke gurekin etorri, oso tikia zara-ta...

        Hain erotua jarri zen, tontoari eskatu nion bere gainean igotzeko eta gurekin eramateko. Zelai-mendi argietan barrena, zer zaldika-ibiltze alaia! Errota itxiak ukertzen zituen ispilu hautsiekin irritsuak zeuden urrez bildutako zingirak. Zaldien parrapata biribil eta gogorrean artean, bidean bakarrik ez gelditzeagatik, berriz eta berriz arindu behar zuen taka-taka laster zorrotza altxatzen zuen Platerok. Bat batean tiro baten antzeko soinua entzun zen. Platerok ukitu zuen bere ahoakin zaldiko txuri-beltz baten atzea, eta zaldikoak ostiko laster batekin erantzun zion. Inork ez zuen kasorik egin, bainon nik ikusi nion Platerori hanka batean odol jarioa. Zalditik jaitsi nintzen eta arantza eta ile batekin lotu nion zain hautsia. Gero esan nion ergelari etxera eraman zezala. Herritik jeixten den erreka lehorretik, bueltatu ziren biak, gogo eroririk eta mantso, gure taldearen iheska argitsuari beren buruak bihurtuaz.

        Etxeratzekoan, Platero ikustera etorri nintzenean, arkitu nuen motel eta minberatua.

        —Ikusten duzu —esan nion goxo-goxo— ezin zarela gizonekin inora joan?

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus