XVII

 

        Ilargia dator gurekin haundia, garbia, biribila. Zelai logaleetan, sasimasusten tartean, ikusten dira eztakit zer ahuntz beltzak iluntasunean. Hesiaren gainetik, bere burua odol txuri batekin nahastua duen almendrondo izugarri batek, lore eta ilargiarekin elurrezkoa egina, gerizpetzen du martxoko izarrekin ereindutako bidea.

        Laranjako usai mina... Umedade eta ixiltasuna... Sorginen zuloa...

        —Platero, zer... hotza!

        Eztakit bere beldurrarekin, ero nerearekin, Platero hasi da parrapatan, erreka batean sartu da, hanka azpian hartu eta puskak egin du ilargia.

        Kristalezko arrosen itxuran, erlepila bat bere abioarekin trabatzen da geldituerazi nahian.

        Eta parrapatan dihoa Platero malda goiti, bere bizkarra kuskurtua, norbaitek harrapatu nahi zuen bezala.

        Hurbiltzen den herriko goxotasun leuna sentitzen da...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus