XVI

 

        Itsasoko haize argia aldapa gorrian gora dihoa, tontorraren zelaira heldu da, loretxo xamur txurietan barrena farra egiten du; gero, kimatu gabeko pinutxuen artean trabatzen da eta sehaskatzen ditu, zeruzko armiarma sare gorriak, arrosak, urrekolorezkuak... Arratsalde osoa itsas haizea da.

        Eta eguzkiak eta haizeak bihotzari lasaitasun goxoa ematen dio. Platerok alai, pizkor, prestu narama. Esan liteke ez diodala pisatzen. Aldapan behera bagihoazke bezala menditxora igotzen gara.

        Urrutian, azken pinuen artean, ur-arteko lurren itxura batean, koloregabeko hari suge argitsu batek dirdiratzen du. Han behean, zelai berdetan, lotutako astoak sasiz sasi saltatzen ari dira.

        Udaberriko dardar-ikara bat dabil mendi harrietan barrena. Halako batean Platerok jartzen ditu bere belarriak tente eta bere leiko-haundi antzeko hortz horiek agerian jarriaz, begietaraino bildutako sudur harrotua zabaltzen du.

        Bihotza estutu behar dion usai-on sendo bat lau aldeko haizeetatik luzaro zurrupatzen ari da. Bai, beste menditxo batean, hauts-urdin eta lirain, hor dauka bere maitea, zero urdin aurrean.

        Eta bi arrantza indartsu bizki eta luzeek hautsitzen dute bere turuta-soinuaz ordu argitsua eta amiltzen dira gero goitik behera batera.

        Platero gaxoaren joera maitekorra ebaki behar izan dut.

        Mendiko emaztegai ederrak, bera bezala gogo eroririk, bere ikatz antzeko begi haundiak irudi-xantoz beterik, pasatzen ikusten du.

        Zakarkiro margaritetan barrena amilka dabilen alperrikako dei ezkutua!

        Eta Platero, pauso bakoitzean bihurtu nahirik, gogo txarrez taka-taka ari da, bere parrapatatxoan aurpegira botatzen didala:

        —Gezurra dirudi, gezurra dirudi, gezurra dirudi...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus