XIV

 

        Herriko ilunabarrean Platero eta biok, hotzak hormaturik, ibai lehorrera jotzen duen kaletxo zarpailaren iluntasun morean barrena sartzen garenean, mutiko pobreak, eskale itxura hartuaz elkar bildurtzera jostatzen ari dira.

        Zaku bat bere buru gainean botatzen du batek, beste batek ikusten ez duela dio, betse batek maingu itxura egiten du...

        Gero, haurtasunaren ustegabeko aldatze horrekin zapata pare bat eta soinekoa daramatela eta beren amak, berak jakingo dute nola, zerbait jaten eman diotela eta, beren buruak errege-semetzat edukitzen dute.

        —Nere aitak zilarrezko erloju bat dauka.

        —Nereak zaldi bat.

        —Nereak eskopeta bat.

        Goizean jaiki eraziko duen erlojua, gosea hilko ez duen eskopeta, miseri aldera eramango duen zaldia.

        Gero korroka. Halako iluntasunaren erdian, printzesa bat bezala, itzalpean, urezko kristal hari baten antzeko hitz ahulez, neskatx batek kantatzen du:

 

        Yo soy la viudita

        del conde de Oré...

       

        Bai, bai! Kantatu, amets egin zazute mutiko-neskatx behartsuak. Laster zure gaztetasunaren egun-argitzean, neguko mozorro inaute batean eskale batek bezala udaberriak izutuko zaituzte.

        —Goazen, Platero.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus