XIII

 

        Belar-sorora sartzerakoan Platero maingu egiten hasi da. Lurrera bota naiz...

        —Baino gizona, zer gertatzen zaizu?

        Platerok, indarrik gabe eta kargarik gabe, hankaren puntarekin hondar bero-berria ia ukitu gabe behatz-artea erakutsiaz eskuin hanka jasoturik utzi du.

        Bere meriku Darbón zaharrak baino kontu gehiagorekin noski, haren hanka okertu eta behatz-arte gorria begiratu diot. Esmeralezko ezten-labain borobil bat bezala laranjo osasuntsuaren arantza luze eta berde bat han sartuta dauka. Plateroren oinazeaz ikaratuta arantzatik tira egin diot; eta ur lasterrak zauritxoa bere mingain luze garbiarekin milikatu dezaion lirio horien errekara gaixoa eraman dut.

        Gero, berak oraindikan okerka ibiliaz eta nere bizkarrean goxo-goxo topo egiten nauela, ni aurrean eta bera orpoz orpo, itsaso txuri aldera segitu dugu.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus