XII

 

        Haurren otordua zen. Elur antzeko mahai zapiaren gainean, kriseiluak bere arrosa kolorezko argi epela amesten zuen, eta geranio-lore gorriak eta sagar pintarrak aurpegi leialen maite-amets arin hari alaitasun latz baten kolorea ematen zion. Neska motzek emakumeek bezala jaten zuten; mutil koskorrak gizon batzuen antzera sesioan ari ziren.

        Barren-barrenean, haurtxo bateri bularra emanaz, ama gazte, polit, ile argia irriparrez haien begira zegoen.

        Lore-baratz aldeko leihoan zehar, gogor eta hotz, gau izartsu argia dardarka zegoen.

        Bat-batetan, argik izpi ahul bat bezala, Blancak bere amaren besoetara ihes egin zuen. Ustegabeko ixilaldi bat izandu zen eta gero silla eroritakoen zalaparta batean, leihoari begira-begira, iskanbila bizian, denak ikaraturik haren atze-aldera lasterka joan ziren.

        A Platero txepela! Itzalak, kristalak eta beldurrak bere burutzar zuri hura haundi-haundi eginda, piztutako jangela goxoari geldi-geldi eta triste begira zegoen.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus