XI
Nola ero zergatik ez dakidala, egun batean kanario berdea bere kaiolatik hegan joan zen. Emakume hildako baten oroi-negargarria, gosez edo hotzez hilko, ala katuek jango zuten beldurrez askatasunik eman izan ez nion kanario zahar bat zen. Baratzeko granado-ondoen artean, atariko pinuan, lila-loreeetan barrena ibili zen goiz osoan.
Haurrak ere goiz guzian egon ziren leihoan eserita, txori horixkaren hagakada laburretaz harriturik.
Askatatuta Platerok, pinpilinpauxa batekin jolasten zela, arrosa landareen ondoan atsegin hartzen zuen.
Arratsaldean kanarioa etxe haundiko teilatura etorri, eta, bihotz taupadaka, jaitsitzen ari zen eguzki goxoan, luzaroan gelditu zen.
Bat-batetan, nola edo zergatik inork ez zekiela, kaiolan alai agertu zen berriz.
Zer poza lore baratzan! Umeak, txalo-txaloka, irritsu eta egun-argitzearen eran, eguzki dirdiraz inguratuta saltoka zebiltzan. Diana, erotuta, bere zintzarri alai berari zaungaka, haien atzetik zihoan. Platerok, kutsututa, zilarrezko haragi olatu-aldi batean akertxo baten antzera, txutik jarri, dantza zakarrean, atzeko hanken gainean jiratu eta bere aurrekoetan jaikita alde argi eta epela ostikoka jotzen zuen.
© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas