X

 

        Platerok orduantxe bi suil ur, izarrez beterik, oilategiko putzuan edanak zituen eta eguzki-lore luzeen artetik ukuilura mantso-mantso eta ajolkabe heldu zen. Ni ate ondoan, bere kisuzko erroetan etzanda, heliotropo-lore usai epelez beterik haren zai nengoen.

        Agorreko guritasunez bustitako teilatuaren gainetik, urrutian lo egiten zuten mendi-zelaiak, pinu usai bizia bialtzen zuten. Urrezko arrautza jarri zukean izugarrizko oilo baten antzera hodei-laino haundi beltzak menditxo baten gainean ilargia jarri zuen.

        ...Ma sola ha questa luna in ciel che da nessuno cader fu vista mal se non in sogno.

        Platero hari begira eta begira zegoen eta soinu gogor guriz belarri bat astintzen zuen. Harrituta begiratzen ninduen eta astintzen zuen bestea.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus