VII

 

        Lutoz jantzita, nere nazaretar antzeko bizar eta nere txapel labur beltzarekin Plateroren biguintasun grisaren gainean zaldiz natorrela itxura harrigarria atera behar dut noski.

        Mahastietarako bidean, eguzkidun kisuz txuri egindako azken kaleetan zehar heldu naizenean ijito kumeak oliotsu eta iletsuak, beren zarpazar berde, gorri, horien artetik kiskaldutako sabel harrotuak agerian dutela gure atzetik lasterka datozte luzaro oihu eginaz:

        —Eroa! Eroa! Eroa!

        ...Zelai berdea gure aurrean dago. Muga gabeko zeru urdin gorri garbiaren aurrez aurre, nere begiak —hain nere belarrietatik urruti!— zeru lurraren bukaeran bizi den izengabeko pake ura, baretasun zerutar eta soinuduna beren trankiltasunean hartuaz, irekitzen dira nobleki.

        Eta, han urrutian, goiko larreetan, karraxi batzuek, leun motelak, ebakiak, asnas-estuak, aspergarriak sumatzen dira:

        —Ero...a! Ero...a!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus