VI

 

        Beitu zazu, Platero, zenbat arrosa erortzen ari diren nonnahi: arrosa urdin, arrosa txuri, koloregabeko arrosak. Esango litzake zerua, puska-puska, arrosetan urratzen dela. Begira zazu nola betetzen zaizkigun arrosaz kopeta, sorbalda, eskuak. Zer egingo ote dut nik honenbeste arrosarekin?

        Nondik datorren nik ez dakidan, loretasun guri hau, ba al dakizu nongoa den, Platero? Mendi zelaiak egunero samurtzen ditu, eta, belaunikaturik zerua pintatzen zuen Fra Angelikoren lan bat bezala, —arrosa gehiago, arrosa gehiago— txuri, arrosa, zeruzkoak utzitzen ditu gozoro.

        Zeruaren zazpi ikus-tokitik lurrera arrosak botatzen dituztela uste izan liteke. Elurtza epel, ia kolore gabeko batean bezala, gelditzen dira arrosak, kanpandorre, teilatu, arboletan. Ikus zazu: gauza zorrotz guziak, bere apaintasunez, samurrak gelditzen dira. Arrosa gehiago, arrosa gehiago, arrosa gehiago...

        Platero, aimezkila jotzen duen bitartean, gure bizia bere eguneroko indarra galtzen duela, eta beste barreneko indar, harroago, iraunkorrago, garbiago batek graziazko iturbegi batzuetan bezala, dena, arrosen tartean piztutzen diren izarretara, igo erazten duela dirudi.

        Ikusten ez dituzun, eta zerura goxo-goxo begira dagozten, zure begiak, Platero, bi arrosa eder dira.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus