V

 

        Nere goizeko erdi-lotan, egundalako ume iskanbila batek hasarretzen nau. Azkenean gehiago lo egin ezinik, amorruz itoa, ohetik bota naiz. Orduan leiho irekitik kanpora begiratzean zalaparta egiten dutenak, txoriak direla konturatzen naiz. Baratzera ateratzen naiz eta egun urdinaren Jaungoikoari, eskertzen diot. Mokoen soinujotze goiztar eta bukagabea! Enara temosa batek bere txio-txioa kiskurtzen du putzuan, zozoak, eroritako laranjan gainean txistu egiten du, gorribeltza, dena su, haritzan, hizketan ari da torrua, eukalipto ondoaren puntan, luzaro eta txehe-txehe, far egiten du, eta, pinu haundian, erretxoriak sesio gogorrean ari dira.

        Nolako goiza! Eguzkiak bere zilarrezko eta urrezko poza jartzen du lurrean; ehun koloretako pinpilinpauxak edonon jostaketan dabiltz: lore tartean, etxean, itur begian. Nondik-nahi mendi zelaiak, kirrikaka eta kraskaka, bizitza osasuntsu eta berriaren irakinaldi batean, irekitzen dira.

        Sututako arrosa haundi-haundi bero bat dirudien argizko eultza haundiaren barrenean gau dela dirudi.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus