III

 

        Platero jostatzen ari da, ilargi-berri itxurako Diana txakur txiki politarekin, ahuntz zar grisekin, umeekin...

        Saltoka dabil Diana, bere txintxerri arina joaz, astoaren aurrean, eta autsiki itxura egiten dio bere muturretan.

        Eta Platerok, belarriak, adarren antzera, zorrotz-zorrotz jarrita, goxo-goxo bere atzetik dihoa, eta belar loretsuen gainean zilipurdika botatzen du.

        Bere hanketan marruskatuz, ezpata-belar zamaren puntatik hortzekin tiraka, Plateroren ondoan dabil ahuntza.

        Klabelina edo kamamila bat ahoan duela, haren aurrean jartzen da, kopetan tanpatzen dio, eta berehalaxe, alai-alai saltoka, «bee ...» egiten du emakume bat bezain pailaka zale.

        Umeen arteen jostailu bat bezala da Platero. Zer pazientzarekin eramaten dituen haien txorakeriak! Haiek erori ez ditezen bai poliki ibiltzen dela, tonto itxura eginaz, non-nahi geldituz! Nola izutzen dien, ustegabeko parrapata paltso bat hartuaz!

        Moguerren udazkeneko arratsalde bareak! Agorreko haize argiak, soinu garbi guziak zorrozten dituenean, ibai aldetik, bee, arrantza, ume farraldi, zaunga, txintxerri susmur pozgarri bat igoten da...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus