II

 

        Mendi tontorra. Hor dago ilunabarra, dena gorri gorri eginda, nonnahi odoldu egiten dioten bere kristalaz zaurituta. Bere argitasunean pinutegi berdea, doi-doi gorrituta, gazitzen da, eta belartxoak eta loretxoak, sutuak eta trasparenteak lore-usai busti, min eta argitsu batez usaintzen dute aresti barea.

        Eguzki-sartze hontan harrituta gelditzen naiz ni. Platero, ilunabar gorri bere begi beltzak, mantso-mantso ur gorri urdinezko putzu zulo batera dihoa; ispiluetan bere ahoa poliki-poliki sartzen du, eta badirudi, berak ukitzean urtu egiten direla; eta, odol-ur antzeko jario ugari bat dihoa, bere zintzur haundiaren barrena.

        Alderdi ezaguna da baina ordu honek nahasten du, eta haundi, hondatu, eta harrigarria egiten du. Esan liteke, aresti bakoitzean palazio huts bat ikusi behar dugula...

        Arratsaldea, luzatuz, beretik kanpora dihoa, eta ordua betikotasunez kutsututa, buka-ezina, paketsua, ondorik gabea da...

        —Goazen, Platero...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Emilio Mas

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus