PLATERO-RI, MOGUER-KO ZERUAN

 

        Platero, ene astoko gozo, takatari hori, hainbestetan nire gogoa —nire gogoa bakarrik!— eroan ukana, indiapiko, ziguin eta orkatzostozko bide sakon haietan barna: hiri hitzazko idazti hau, orain ulertu dezakekanean.

        Honezkero Parabisuan bazkatzen ari dekan hire gogoagana ziak, harekin ere zerura igo edo dekan Moguerko ikuspegi haien gogoan barna; ba-zeramak bere paperazko bizkar gainean nire gogo hau, loretan zeudekan sasi artean, bere igokundera bide eginaz, geroago ta onago, baketsuago, garbiago egiten dekan hau.

        Bai. Ba-zekiat, arrats-apalean, gorribeltz eta limoi-loreen artean, urresagasti bakarrean barna, hire bihotza urrumakatzen dikan lerrondora heltzen naukanean, geldi ta gogo-ernari, hik, Platero, betiko arrosazko zelaiean atsegin-bitsetan haizena, hire bihotz ustelduak ernemindu dizkikan pipiripi horien aurrean ekuratzen ikusiko naukala.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus