LXVIII

BELTZURA

 

        Pinako baratzan, amaldeko lerrondoaren ondoan dagon Plateroren hilobia ikertzera joan naiz haurrakin arratsaldean. Inguruan, Jorrailak lur ezea pipiripi hori, haundiz apaindua zun.

        Han goian, ginga urdinez dana margozturiko koro orlegian, txirrizkilak abesten ari ziran eta haien txinta txehe, loretsu ta irritsua, ba-zihoan arratsalde epelaren urrezko haizean zehar, maltasun berrizko amets argi bat iduri.

        Haurrak, hara ziranekoxe, didar egitez atertzen ziran. Geldi ta benik, haien begi dirdaritsuak nire begiotan, galde lehiatsuz betetzen ninuten.

        —Platero adiskide! —egin nion lurrari—: baldin, uste dikadanez orain zeruko mailo batean ba'hago ta hire bizkar iletsu gainean aingeru gaztetxoak ba-daramazkik, nitzaz ahaztu ote haiz? Platero, esaidak; nitzaz oroitzen al haiz oraino?

        Ta, nire itaunari erantzuna bezela, lehen ikusia ez nun jainkoilo zuri, arin bat hegaka zan ari ta ari, arima bat bezelaxe, pipiripiz-pipiripi...

 

Moguer, 1907

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus