LXVII

ZUR-AIZTURRA

 

        Platero gaisoaren zaltokia, ahokoa ta lepo-koroikia zur-aizturrean ipini ta guzia mandiora eraman nun, haurren sehaska ahaztuak dauden zokora. Mandioa zabal, isil, eguskiztatua da. Moguerko landa osoa ikusten da hartatik. Haizerrota gorria, eskerraldean; aurrean, lerrondo artean ezkutatua, Montemayor bere baselizatxoarekin; eliza ostean, Pinako baratz kukutua; sartaldean, itsasoa, gora ta distikorra udako ugoibehetan.

        Ikastarteetan, haurrak mandiora doaz jolastutzera. Zalgurdiak egiten ditute, alki erorien amai gabeko uztar-zaldiez; antzokiak egiten ditute, lugorriz margoztu egunkariez, elizak, ikastetxeak...

        Batzutan, arima gabeko zur-aizturrera igo ta, oin-eskuen zarata urduri ta biziz, ba-doaz kalkolka beren amets-zelaiean barna:

        Hi, Platero¡ Hi, Platero!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus