LXV

HERIOTZA

 

        Platero ohean etzanik, begiak behera ta ilun arkitu nun. Bere ondora joan eta laztan egin nion hari hitz eginaz, ta jeiki zedila nahi izan nun.

        Gaisoa dana zarrastaka higitu ta esku bat belauniko utzi zun... Ezin... Ordun, haren eskua lurrean hedatu, ostera ere samurki gozaratu ta haren atxeterra eratorri egin nun. Darbon zaharrak, hura ikusi baikoz, hortz gabeko aho larria lepohezurreraino hondatu, ta buru odolbatua bular gainean gorgoinatu zun, eseki baten antzera.

        —Onik ez, e?

        Ez dakit zer erantzun zun... Gaisoarenak egina zula... Ezer ez... Min bat edo... Ez dakit zelako sustrai txarra edo... Lurra, belar artean.

        Eguerdian, Platero hilik zetzan. Algadoizko sabeltxoa puztua zitzaion, lurbira bezela, ta bere hankak, lurrun eta margulak, zerurantz goititzen ziran. Bere ile kizkurrak, eskuaz ukitzean, hautsezko goibeltasun batetan erortzen dan andrakila zaharren muillo pipiatuzko ile hori zirudin.

        Ukuilu isilean barna, leihoko eguzki izpian zehar igarotzen zanero bera piztuz, hiru margotako jainkoilo bat hegazka ari zan.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus