LXIV

ASKATASUN

 

        Larratz musker, heze gainean, tai gabe, bere hegada atxilo, nabarra zabaltzen zun txoritxo gorri-bizi batek, bidaxkako lore artean galdurik zebilan nire soa erakarri zun. Poliki-poliki hurbildu ginan, ni aurretik, Platero atzetik. Bazan handik edaska itzaltsu bat, eta mutiko etoi batzuek sare bat ezarri izan zieten txoriai. Txatartxo gaisoa bere nekeraino goratzen zan, beraren olde, gabe, bere zeru-anaiai dei egiten ziela.

        Goiza argia, aratza, urdinez gainez-egina zan. Alboko lertegitik, joan gabe, ba-zetorren eta urruntzen zan txinta goratuzko batera-jotze arin bat erortzen zan, —adaburuak kulunkatzen zitun hondartza— haize otzan eta urrezkoan. Batera-jotze gaiso, errugabea, bihotz gaiztoareri hain hurbil!

        Plateroren gainera igo ta, aztalakin ari behartuz, lertegia gaindu genun taka-taka biziz. Koro itzal hostotsu pera heldurik, txalo egin nun, abes, didar. Platerok kutsua hartu ta, arrantza egiten zun behin eta berriz, lazki. Ta oihartzunek erantzuten zuten, ozen eta murrizki, osin haundi baten ondoan bezela. Txoriak joan egin ziran beste lertegi batera, kantuz.

        Platero, mutiko odolgaitzen birao urrunen artean, bere burutzar iletsua nire bihotzaren ondoan marraskatzen zun, bularra mintzeraino, niri esker eginaz.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus