LXIII

IJITUAK

 

        Ikus, Platero. Hortxe zetorrek, kalean bera, tupikizko eguzkitan, lerden, zut, soingaineko bage, inori so egiten ez ziokala... Bai ongi zeramakala bere lehengo edertasuna, liraina oraino, areitz bat iduri, gerri-zapi horia neguan, eta zuriz horeiztutako gona magal-apainduna! Udaletxera ziak, beti bezela, hilerri ostean etzalekutzeko baimena eskatzera. Gogoan dauzkak ijituen estalpe zatarrak, eta beren suak, beren emakumezko begiragarriak, eta beren asto ez-hil-bai-hilak, baranoan heriotza hozkatzen ditekenak.

        Astoak, Platero! Dardaraz edo zeudek dagoneko Frisetako astoak, barrio apaletatik ijituak usmatzen dizkitekela! Lasai nago Platero dala ta, haren ukuilura irixteko ijituek herri erdia jauzi behar luketelako ta, gainera, Rengel zainak maite dulako. Baina, hura beldur erazteko, gaiztoz, ba-diotsat, ahotsa harrotu ta izugarri eginaz:

        —Barrura, Platero, barrura! Burdinsarea itxiko diat, eramango haute-ta!

Platero, ijituek harrapatuko ez dutela etsi-etsita, bere ostean burdin eta leiar hots gogorraz isten dan burdintsarean barna igato ta jauzi ta ikotu egiten du, harrinabarrezko baillatik loretakora ta hontatik barriora, gezi bat antzo, bere iges laburrean, —zakarro hori!— aihenbelar urdina hausten dularik.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus