LXII

JORRAILAKO MAITE-ERESIA

 

        Haurrak Platerokin joan dira eltzunen latsera ta orain ba-dakarte kalkolka, jolas eta parre artean, dana lore horiz zamatua. Han behean euria izan dute —bere urre ta zilarrezko hariez landa orlegia lanbrotu zun hodei igazkor hura—. Ta astokoaren ile urasetuaren gainean, txintxil bustiak tantaka ari dira.

        Maite-eresi berri, alai, bihotz-eragilea: Plateroren arrantza ere samur bihurtzen da zama goxo, eurituaren azpian! Aldian behin, burua itzuli ta ahoaren irispidean dauzkan loreak idoki egiten ditu. Pipil elur-antzeko ta laruak, zintzilika dagozkio, lipar batez, lerde jariotze zuri, orlegizka artean, eta gero ba-doazkio sabeltzar aztanbaldura. Nork jan lezazkekan loreak, hik bezela, Platero, ta ez kalte egin!

        Jorrailako ezbaiko arratsalde hori! ... Plateroren begi dirdaritsu ta bizkorrak eguzki ta eurizko ageri guzia irudikatzen dute. Sartaldean, San Juaneko alorraren gainean, beste arrosa antzeko hodei bat, zirpilduta, euri egiten ikusten da.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus