LXI

TXERRENA

 

        Tipuski, takataka gogor eta bakarti batekin, birritan zikina hauts-hodei garai batean, astoa agiri da, Transmuroko kalemuturrean barna. Geroxeago, arnaska, sabel belunak agirian uzten dieten zatarrezko praka eroriak goratuz, mutikoak hari habeak eta harriak jaurtitzen zizkiotela...

        Beltz, haundi, zahar, ezurtsua da —beste goiapaiz bat— inondik ere ilerik ez dun larrua zulatuko zaiola iduritzeraino. Gelditu egiten da, ta, baba larriak diruditen hortz batzu erakutsiz, arrantza dagi gora, uzuki, bere zahartasun trapalari ez dagokion azkuaz... Asto galdu bat al da? Ez al duk ezautzen, Platero? Zer nahi ote dik? Norgandik zetorrek igesi, takata ez-berdin, zakar orrekin?

        Platerok hura ikustean, bi belarriak mutur batean zutitzen ditu, lehenik, eta, gero, bata zutik eta bestea beititua uzten, eta ba-datorkit, eta arekan burua ezkutu nahi du ta iges egin nahi, guzia batera. Asto beltzak haren ondotik igaro ta bultzada bat ematen dio, zamuka botatzen, usain egiten; arrantza egiten du komentu-hormaren ondoan, ta ba-doa kalkolka, Transmuroan bera...

        ...Ba-da, beroan hotzikarazko lipar bakan bat-nirea?, Platerorena? - ta gauzak naspilatuak dirudite, baldin, tipuski, eguzkiaren aurrean oihal beltz baten itzal apalak, itsumustuan geldituriko haizeak, itotzen dun etxarteko bihurgunearen bakartasun zorabiatzailea estali bai-lun.

        Goxo-goxo, urrunak hegiatara ekartzen gaitu. Goian, Arraindegiko habarrots aldakorra entzuten da. Han Riberatik etorri berriak diran saldunek beren txabaluak, beren mutxurdinak, beren brekak, beren muxarrak, beren bokartak, goraipatzen ditute.         Biharko aldarria ospatzen dun iraulkako joalea; zorroztailearen txilibitua...

Orainik dardaraz dago Platero, noizean behin niri begira, okildua, zergatik ez dakigula, biok ekuratu geran geldigo mintzulean...

        —Platero: asto hori ez diagu asto, nik uste...

        Ta Platero, mintzulik, dardarka ari da berriz, dana ikara batez, emelki burrunbatsua, ta igeskor, begira dago luebakiruntz, zapuzti ta apalki...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus