LX

NEGUA

 

        Jainkoa bere leiarrezko jauregian diagu. Euria dekala esan nahi diat, Platero. Euria dek. Eta udazkenak, abar hilai setaz itsasiak utzi zizkian azken loreak, harribiziz zamatzen dituk. Harribizi bakoitzean, zeru bat, leiarrezko jauregi bat, Jainko bat. Begira arrosa hori; ba-zeukak barnean beste urezko arrosa bat; eta hura astintzean, ba al dakusk?, bere gogoa bezelako lore berri, distikorra erortzen zaiok ta mudurri ta goibel gelditzen dek, nirea bezela.

        Ura, eguzkia bezain alaia dek. Begira nola laster egiten diteken haurrak uraren pean, sendo ta gorri, hanka hutsik. Ikus txolarreak oro nola sartzen ditukan itsumustuko talde zaratatsuz, untzean, eskolan, Platero, Darbon hire osalariak esaten dikanez.

        Euria dek. Gaur ez gatxiaztik landara. Ikusketa eguna diagu. Hara nola laster egiten diteken hegaztegiko zorrotenak. Hara nola garbitzen ditukan orri muskerrak, nola itsastatzen dekan berriz, arekan barna, haurren izontzitxoa, atzo belar artean gelditua. Begira orain, lipar bateko eguzki ahul hontan, zein ederra dekan, elizatik irten eta gure ondoan, ezbaiko uztargitze batetan, hiltzen dekan Erromako zubia.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus