LIX

EGUBERRI

 

        Sua kanpoan! ... Olentzaro-arratsaldea da ta eguzki motel eta indargabe batek doi-doi egiten du argi, ortze gogor, hodei gabean dana arrea, dana dundu izan beharrean. Halako batean, sukartzen hasi diran abar heze-karrakada zizkolatsu bat da; gero ke estua, arminua bezelako zuria, ta, buruenik, kea garbitu ta haizea oldar bateko mingainez betetzen dun garra.

        —O, garra haizetan! Gogo gorriskak, horiak, ziguinkarak, urdinak, galtzen dira ez dakit nun, isileko zeru apal batera igorik, eta txinar-usain bat uzten dute hotzean! Gabonilako landa, epela orain! Negua maitasarrekin! Zorionekoen Gabona! Alboko txarak urtutzen dira. Ikuspegia, haize beroan zehar, dardaratzen da ta garbitzen leiar igeskarizkoa bai-litzan. Eta jaiotzarik ez daukaten maizterraren haurrak, ba-datoz su ingurura, behartsu ta goibelik, esku hozminduak berotzera, ta, danbada batez, zapartatzen diran ezkur eta gaztainak jaurtitzen ditute txinarretan.

        Ta gero poztu egiten dira, ta dagoneko gauak gorrizkatzen hasi dun su gailietik, jauzika ari dira ta kantuz:

 

        ...Camina María,

        camina José. ...

 

        Ni Platero ekartzen diet, haiekin jolas dedin.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus