LVIII

ORTZONDOA

 

        Neguko goizaldi geldietan, oilar ernaiek ortzondoko lehenbiziko arrosak ikusi ta galanki agur dagietenean, Platero, lo egitez asea, arrantzaka ari da luzaro. Bai dala gozoa haren urrutiko iratzartzea, logelako zirrikituetan zehar sartzen dan argi dundutan! Nik ere, egun minez, eguzkia dut nire gogoetan nire ohe biguinetik.

Eta ba-darabilt gogoan zer izango zan Platero gaisoaz, nire olerkari-eskuetan erori ordean, oraino bakarrik, mendietako lerrondoak moztutzera doazan ikazkin hoietako batenetan baldin erori ba'litz, edo astoak margoztu, haiei artseniku eman eta, eror ez datzazkien, belarrietan orratzak ipintzen dieten ijitu zatar batenetan.

        Platerok arrantza dagi, berriz ere. Hartzaz gogoetan ari naizala ote daki? Zer axola neri? Eguntzearen samurtasunean haren oroia eder zait, ortzondoa bezela. Ta, Jainkoari esker, berak ba-dauka ukuilu epel eta biguina, sehaska bat bezelakoa, atsegina nire gogoeta bezelakoa.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus