LVII

GAU GARBIA

 

        Etxegain hortz-dun zuriek beren isla darakuste, inurrizki, zeru alai dundu, izoztu ta izartsuaren gainean. Ipar isila gaxokatzen ari da, bizkor, bere zorroztasun aratzaz.

        Guziek hotz diralako ustea dute ta etxeetan ezkutu ta isten ditute. Gu, Platero, astiro joango gaituk, hik hire ile ta nire burusiarekin, nik, nire gogoarekin, herri garbi, bakartian barna.

        Hau barne-indarra, zilarrezko tontorra dikan harri zakarrezko dorre bat bai'nindukan, goratzen natxiokana! Begira, hau izarrez! Hainbeste dituk eta zorabiatu egiten ditek. Maitasun goitarrezko agurtza gartsu bat zerua lurrari egiten ari zaiokala esan litekek.

        Platero, Platero! Bizitza guzia emango nikek nik, eta hik hirea eman nahi hukekala nahi nukek, Ilbeltz-gau garai, bakar, argi ta gogor honen garbitasunaren ordez!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus