LVI

MAHASMORDO AHAZTUA

 

        Urrilako eurite luzearen ondoren, egun zabalduaren zeru-urrean, ginanok mahastietara joan ginan. Platerok askaria ta umetxoen kapelak zeramatzin zarritxoaren alde batean, eta bestean, aztatzat, Edurne, mertxikaren lorea bezelako zurigorria.

        Hau lilura zelai berriztuarena! Latsak ba-zihoazan gainez eginik, lurrak goxoki goldeaturik zeuden, eta oraino horiz hozkaturiko bazterreko eltzunetan, txori beltzak ikusten ziran, harrezkero.

        Halako batez, haurrek, bata bestearen ondotik laster egin zuten, deadar zegitelarik:

        —Mahasmordo bat, mahasmordo bat!

        Oraino bere aihen luze, nahasiek zenbait orri igar, beltzitu ta gorrixka erakusten zituten mahatsondo batean, eguzki minak anbarezko mahasmordo argi ta osasuntsu bat piztutzen zun. Ziranek oro nahi zuten! Atzitua zun Bitore'k, bizkarrean gordetzen zun. Ordun nik hari eskatu ta berak, emakume izateko hurbil dagon neskatoak gizonari egiten dion men ezti horrekin, eman egin zidan, gogo onez.

        Mordoak bost mahatsale larri zeuzkan. Bitoreri eman nion bat, Edurneri bat, Nekaneri bat, Josebatxori bat, eta azkenekoa, ziranen parre ta txalo artean, bere hortz haundiakin, zartez, atzitu zun Platerori.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus