LV

SUAK

 

        Irailan, jai gauetan, baratzeko etxe ostean dagon mendiskaratzen ginan, urtegiko akaraek sortu erazten zuten bake atsondun hartatik, jaitan zegon herria aditzera.

        Suak gau-beranduan izekitzen ziran. Lehenik, danbada motel, laburrak ziran; gero, isats gabeko zizirikoak, goian hasperen batez zabaltzen ziranak, landa gorri, ubel, urdin, ikusiko luken begi izartsu bat antzo; ta beste batzu beren dirdaria, haratinik malgutuko litzaken neskaxtasun biluzi bat iduri, argizko loreak jariongo lituken odolezko sarats bat iduri, erortzen zana. Ene, haiek hegazteren piztuak, haiek arrosa argizko haize-landarediak, haiek suzko pagoilarrak izarrezko loretegietan barna!

        Platero, danbada batek hots egiten zunero, dardaratzen zan urdin, ubel, gorri, zeruaren itsumustuko argitzean, eta argitasun bai-hil ez-ilean, izuturik begiratzen ninuten haren begi haundi beltzak ikusten nitun.

        Azkentzat, herriaren urrutiko zarata artean, gazteluko urrezko buruntza jirakina zeruratzen zanean, Platerok igesari ematen zion, laster eta laster, matsondoetan zehar, arrantzaka zoraturik, gerizpean zeuden lerrondo naretsuetaruntz.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus