LIV

KANARIA HILTZEN

 

        Begira, Platero; haurren kanaria hilik agertu dek goiz hontan, bere zilarrezko kaiolan. Izan ere, gaisoa oso zaharra zegokan, honezkero... Negua, ongi oroitzen haiz, isilik igaro zian, burua lumatxan gorde ta. Ta udaberri hau hastean, eguzkiak gela zabala loretegi bihurtzen zialarik eta baillako arrosa hobeak idekitzen hitukanean, berak ere bizitza berria edertu nahi ta abestu zian; bere ahotsa, ordea, etenkor eta hasnekeduna hukan, txirula zartatu batena bezelakoa.

        Zaintzen zun haurretako zaharrenak, kaiola ondoan hura txigorrik ikusiki, esan du berehalaxe, negarrez:

        Ez dik, ba, ezeren gaberik izan; ez janari ez urik.

        Ez, ez dik ezeren gaberik izan, Platero. Hil dek eta hil dek—esango luke Campoamorrek, beste kanari zahar batek...

        Platero, ba ote zegok txorien parabisu bat? Ba ote zegok lilitegi orlegi bat zeru dundu gainean, dana urrezko arkakaratsen loretan, txori zuri, arrosa-antzeko, urdin, horien gogoak dizkina?

        Entzun: gabean, haurrek, hik eta nik txori hila loretegira beheratuko diagu. Ilargia bete diagu orain eta bere zilar argi moteltan, kantari gaisoak zitori horiska bat zirudikek, Edurneren esku zurian. Eta arkakarats haundiaren pean ehortziko diagu.

Udaberri hontan bertan, Platero, txoria arrosa zuri baten bihotzetik irtetzen ikusiko diagu. Haize atsonduna hotseztitsu gertatuko dek, ta jorrailaren eguzkitan hego ikusi-ezinen orron-ibiltze liluratu bat eta urre hutsezko txinta argizko txirri izkutu bat izango dek.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus