LIII

HAZILAKO MAITE-ERESIA

 

        Gauturik, Platero laberako ler abarrezko zama goxoarekin landatik itzultzen danean, hurran-hurran itzaltzen da orlegi zabal, eroriaren pean. Bere urratsa txehe, pinpirin eta jostanahia da...

        Ez bide dabil. Belarrizut, barakuilo bat bere etxearen pean dirudi.

Abar muskerrak, zutiturik zeudenean, haietan eguzkia, txirrizkalak, haizea, beleak —hau izua! hortxe egon dituk, Platero!— euki zituten abarrak, erortzen dira, gaisoak, ilubanabarreko inda legorretako hauts zuriraino.

        Ziguin antzeko gozotasun hotz batek lanputzen du guzia. Ta dagoneko, Gabonilarantz dioan landan, asto zamatuaren apaltasun samurra, jainkozkoa iruditzen hasten da...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus