LII

IHINTZA

 

        Platero —esan nion ene astokoari—: goazemak gurdien begira. Bazekarzkiatek Doñanako oihan urrunaren marmarioa, Animasen lertegiaren barne ostena, Madres eta bi Frenoen hozkirria, Rocinaren usaina...

        Arrosazko girgil garai batean, bere karezko hegaletan arratsaldeko eguzki ezmeztia hiltzen zan Fuente-kalean barna eraman nun, galanta ta apaindua, neskatilai piko eman zezaien. Gero, Llanoserako bide guzia ikusten dan Hornoseko lurresira joan ginan.

        Gurdiak ba-zetozan, malda-gora. Ihintz guzietako zirimiri gozatsua mahasti orlegien gainean erortzen zan, ziguin-antzeko hodei igazkor batetik. Lagunek, ordea, begiak alaiak jaso ere ez zituten egiten.

        Senar-emaztegai bikun alaiak igarotzen ziran, aurrenik, mairu eraz apainduriko asto, mando ta zaldiz. Mutilak pozik, neskak kementsu, talde jori, bizia ba-zihoan, ba-zetorren; elkarri atzituka ari zan atergabe, zentzu gabeko erokeri batean. Mozkorren gurdia zetorran gero, zaratatsu, garratz eta nahaspilatua; trozel pean eseri ta zaldabeak jotzen eta «sevillanas» oihuka ari ziran neska beltzaran eta loretsuak zeramazten, zuriz eskegitako ta ohe-antzeko gurdien atzetik. Zaldi gehiago, asto gehiago... Ta otseinagusia —Gora Rocioko Neskatxa! Goraaaa...!— ilezuri, igar eta gorria, kapel zabala bizkarrean eta urrezko zigorra oinburnian ezarrita. Geroenean, beren margo bizizko ta ispiluzko bekokikoarekin, apezpiku antza zuten bi idi zurinabar haundiek erakarria, Hoben Gabea ziguin antzeko ta zilarrezkoa bere gurdi zurian, dana loretan, loretegi mudurri zamatu bat bezela.

        Ezkila-hotsen, zizirikoen, azkazal burniztuek harrietan jotze gogorren artean itotako soinua entzuten zan harrezkero...

        Platero, ordun, eskuak malgutu ta, emakume baten antzera, belaunikatu zan, biguin, apal eta menpeturik.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus