LI

TXOLARREAK

 

        Done Jakueren goiza zuriz ta arrez lainoturik dago, algadoitan gordea bezela. Diranak mezatara joanak dira. Txolarreak, Platero ta ni ekuratu gera loretegian.

        Txolarreak! Batzutan zenbait euri tanta mehe egiten dituten hodei biribilen pean, nola sartzen eta irtetzen diran aihenbelarrean, nola karraxi egiten duten, nola atziten dieten elkarri mokoetatik! Honako hau abar baten gainean erori ta ba-doa, hura dardaraz uzten dularik; besteak beratan zeru zati bat daukan osin-pokaleko istil batean edaten du; hark, egun arreak bizkortzen ditun lore igartuxez beteriko hegazpera jauzi egin du.

        Jai jakin gabeko txori dohatsuak! Izatezkoaren, egizkoaren betibateko hotsaz, ezkilek ez diete ezer esaten, ezbaiko zorion bat ez ba'da. Pozik, ezinbesteko lokunerik gabe, gizon jopu gaisoak liluratzen ala izutzen dituten olinpu horiek ez abernu horiek gabe, berena baino beste onlegerik ez dutela, anaiak ditut, anai gozoak.

        Diru gabe ta zorrorik gabe bide egiten dute; nahierara etxez aldatzen; lats bat sumatzen, ostai bat usmatzen eta hegoak zabaldu besterik ez dute zoriona lortzeko; ez dute astelehen ez larunbaten berririk ezautzen, han-hementxe urtatzen dira, hotsean-hotsean; izen gabeko maitea dute maite, ororen maitea.

        Eta gizagentea, gizagente gaisoa! igandez mezatara doanean, haiek, erakusburu alai batez, ba-datoz bat-batetan, beren zarata berri ta alaitsuarekin, etxe itxien lorategira; hantxe, ongi ezaguna duten olerkari norbaitek eta halako astoko samur batek begiztutzen ditute, anai-maitasunez.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus