L

ILUNTZE

 

        Urrutikoaren igertzeak, doi-doi ezagunaren oroi nahastuak, bai hartzen dula zoragarria herriko ilunabarren biltasun gentzatsu, otzanean! Herri osoa gogoeta luze ta ilun baten gurutzean josia bezela daukan lilura itsaskor bat da.

        Ba-dago larrainetan, izar berrien pean, bere muino koloka, horiskak metatzen ditun ale garbi, beteren usaina. Langileak isil-misilka abesten ari dira, neke logale batetan. Andre alargunek, atondoetan eseri ta horren hurbil, barrioen ostean lotan datzazan hilak ditute gogoan. Haurrak lasterka ari dira, itzalik-itzal, txoriak zugatzik-zugatz bezelaxe...

        Behar-bada, etxe apaletako karezko aitzinetan diraun argi itzaltsu artean, ezbaiko silueta lurkara, isil, mindunak igarotzen dira eskale berri bat, arrosaetaruntz doan portogaldar bat, lapur bat, apika, beren iduri ilun, izukorrean, ilunabar ziguin-antzeko, geldi ta mistikuak gauza ezagunetan ipintzen dun otzantasunari aurka egiten diotenak... Haurrak urruntzen dira ta argi gabeko ateen izkutuan, «birigaitza dun erregearen alaba osatzeko gantza ateratzen duten» gizon batzuez mintzatzen da...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus