XLIX

PUNISAGARRA

 

        Punisagar hau bai dekala ederra, Platero! Aguedillak bidaldu zidak bere Mojaen errekako onenetik hautatua. Inongo igalik ez dik, honek bezela, gogoratzen hura hazi-erazten dikan uraren hozkirria. Leher egiten dik osasun guriz ta sendoz. Jango al diagu?

        Platero, hau ahogozo mingots eta idorra azal gaitzarena, gogorra ta lotua, sustraia lurrari bezela! Orain, lehenbiziko goxotasuna, azalari itsasita zetoztekan bihien errubi laburra eginiko azkorria. Orain, Platero, guna estu, osasuntsu, osoa, bere estalki meakin, ametista jangai, ezatsu ta sendozko altxor autatua, erregina gazte baten bihotza bezelakoa edo. Bai betea zegokala, Platero! Har zak, jan. Bai eztia! Bai goxoki galtzen ditukala hortzak umotasun ugari alai ta gorrian! Itxok, mintza ez bainaitekek. Kalidoskopi baten margo urdurizko nahas-mahasean galduriko begiarena bezelako zarrastada bat ematen ziok gozamenari. Aitu dek!

        Honezkero ez zeukat punisagartzerik, Platero. Hik ez hitukan ikusi Flores-kaleko beheitiko barriokoak. Ba-gatxiaztikan arratsaldeetan... Horma erorien zehar, Coral-kaleko etxeetako barrioak agiri hitukan, bakoitza bere lilurarekin, ta landa, ta ibaia. Karabineruen turuta-hotsa ta Sierraren aroztegia entzuten hukan... Nirea ez nian herri-alde berri baten idorokundea ukan, bere egunoroko poesi betean. Eguzkia sartzen hukan eta punisagarrondoak sututzen hitukan, altxor aberatsak iduri, erubez beteriko pikondoak amaratzen zian patin gerizpetuaren ondoan...

        Punisagarra, Moguerko igalia, bere mazmarroaren apaina! Sarkaldiko eguzki gorritan zabaldu-punisagarrak! Mojaen baratzeko, Peraleko mendarteko, Sabariegoko punisagarak; errekak dauzkaten ibar sakon, nareetan. Haietan, nire gogamenean bezelaxe, arrosa-antzeko zerua geratzen da, arras gautu arte.!

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus