XLVIII

URRILA - ARRATSALDEA

 

        Ikastartea igaro da, ta, lehenbiziko hosto horiakin haurrak ikastolara itzuli dira. Bakartasuna. Etxeko eguzkiak hutsa dirudi. Ustekerian oin urrunak eta urrutiko irriek hots dagite.

        Oraino lorekin dauden arkakaratsen gainean, arratsa apaltzen da, geldiro. Eguzki-sartzeko suargiek azken arrosak piztutzen ditute ta loretegiak sartaldeko erretaldirantz atsonezko gar bat goratuz, arrosa erre-usaina ematen du guzia.

Platerok, asperturik ni bezela, ez daki zertan ari izan. Ba-datorkit goxo-goxo, apur batez ezmezean dabil, eta, geroenean, ustebidez, sartzen dan nirekin etxean barna.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus