XLVII

SARITO

 

        Mahasbiltzaroan, arrats gorri batean latseko mahastian nengolarik, emakumezkoek beltzitxo bat nire galdez zebilela esan zidaten.

        Ni larrainerantz ninoiala, ba-zetorran indan bera:

        —Sarito!

        Sarito zan, Rosalina nire emaztegai portorrikotarraren morroia. Sevillatik itzuria zan herrietan txuliatzeko, ta ba-zetorran Nieblatik, oinez, longaina, birritan gorria, sorbaldan, gosez ta diru gabe.

        Mahas-biltzaileek zeharretara begiratzen zuten, gaizki gordetako nardaz; emakumeek, gehiago gizonen kariaz berenaz baino, aldera egiten zioten. Lehenago, dolarean barna igarotzean, haginkada batez belarri bat zatikatu izan zion mutil batekin liskartu zan.

        Nik irriparre egiten nion eta goxo hitz egiten. Saritok, neroni laztan egiteko bekokirik ez zeukala, handik mahatsak jaten ari zan Platerori laztan egiten zion eta, bitartean, zindoki begiratzen ninun.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus