XLV

UDAZKENA

 

        Honezkero, Platero, eguzkia hasi dek nagi izaten bere maindira artetik irtetzeko, ta nekazariak hura baino goizago jeikitzen dituk. Egon ere, bilutsik zegok eta hotzamarra ari dek.

        Hauu iparraren putza! Begira, Platero, arbazta eroriak lurrean; haizea honen zorrotza, honen arteza dek eta guziak elkar-zutak zeudek, Hegoalderantz zuzenduta.

Goldea ba-ziak, guda-iskilo zakar bat antzo, bakearen lanketa alaira, Platero; ta inda zabal, ezatsuan, zugatz laruek orlegituko ditukala etsita, argi egiten ditek alde batera ta bestera, biziro, urre argizko sutzar gozatsuek bezela, gure ibiltze lasterra.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus