XLIV

NESKATO TXIKIA

 

        Neskato txikia Plateroren ederra zan. Bereganantz etortzen zekusanekoxe, amalililien artean, soinekotxo zuriarekin, intagarizko kapela ta guzti: Platero, Platero!, laztanki deituz, astotxoak lokarria etendu nahi zun eta jauzika ari zan, haur bat bezelaxe, eta arrantzaka erorik.

        Neskatoa, uste osoz, haren pean igarotzen zan behin eta berriz, eta ostikotxoak jotzen zizkion eta eskua, akara zuria, hortz hori, haundiz iskiluztutako ahotzar arrosa-antzeko hartan uzten zion; ala, astoak irispidean ipintzen zizkion belarriak atzituz, dei zegion haren izenaren aldaketa maitetsu guziakin: Platero: Platerotzar! Platerotxo! Plateroño!

        Neskatoa herioruntz, ibaiean bera, bere sehaska zurian itsastatu zan egun luzeetan, inor ez zan Plateroz oroitzen. No, bere ameskerian, dei zegion itunik: Platerotxo! Etxe ilun eta hasperenez betetik, adiskidearen urrutiko dei tamalgarria entzuten zan, batzutan. Hura udaldi mudurria!

        Hura apaindura Jainkoak zugan ipini zuna, ehortzi-arratsalde hori! Iraila, urre ta arrosa, erortzen zan. Hilerritik, hura hotsa iraulkako ezkilarena sartalde zabalduan, aintzarako bidean!... Mudurri ta bakarrik, hormaetan barna itzuli, barrioko atetik etxean sartu ta gizonengandik igesi, ukuilura joan eta eseri egin nintzan, Platerokin negar egitera.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus