XLIII

ARTZAINA

 

        Ordu ubelak ilun eta bildurgarri egiten dun muinoan, leiarrezko sartalde muskerraren kontra beltz bihurtu-artzaintxoak txistu egiten du bere txilibituan, Venusen dardara pean. Gehiago usaintzen eta onezkero ikusten ez diran eta atsonak galdurik dauden itzalean haiei tankera emateraino goratzen ditun loreetan nahastuta, herrira sartu baino lehen, leku ezagunean banatu artaldearen joare argi ta eztiek txintxin egiten dute, geldiro.

        —Jauna, asto hori nirea ba'litz! ...

        Bada-ezpadako orduan beltzaranago ta maitagarriago dan mutikoak, begi bizkorretan liparraren edozein disdis bilduz, Bartolome Esteban Murillok margoztu zitun mutikoxe haietako bat dirudi:

        Astoa emango nioke... Baina, zer egiteko nik hi gabe, Platerotxo?

        Montemayorko baseliza gainean, biribil igotzen dan ilargia, egunaren ezmezeko argitasuna oraino alderrai dabiltzan zelaiean barna, isurtzen joan da; ta lurgain loretsuak ametsezkoa dirudi orain, ez dakit zelako birjoste antzineko ta ederra; ta harkaitzak haundiagoak, urrenagoak eta hitsagoak dira; eta erreka izkutuko urak negar gehiago egiten du...

        Ta, artzaintxoak, urrun dagoneko, hots egiten du, mikuin:

        —Je! Asto hori nirea ba'litz...

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus