XLII

GAITZONDOA

 

        Oinazpikoz eta kurtzoinez biguina dan nire zuzper-gelako argi ahul horitik, ba-dantzuzkit gau-kalean barna igarotzen, izar ihintza luken ames batean bezela, landatik itzultzen diran asto arinak, jokatzen eta oihuka ari diran haurrak.

        Asto-burutzarrak eta, arrantzaen artean, leiar eta zilarraz Gabon-neurtitzak abesten dituten haur-burutxo segailak igartzen dira. Herriak gaztain xigortuen kemordo batez, abeltegi-lurrun batez, bakez dauden subazterren ke batez bildua dagola ohartzen du...

        Ta ene gogoa isurtzen da, garbitzaile, itzalpean dagon bihotzaren haitzetik ur laster, oztinezko iturburu bat sortuko ba'litzakio bezela. Eroskunde-ilunabarra! Ordu barrenena, hotz, eta epela batera, amai gabeko argitasunez betea!

        Ezkilek, han goian, han landan, jotzen dute izar artean. Platerok, kutsua hartuta, oso urrun bide dagon bere ukuiluan arrantza egiten du... Nik negar egiten dut, ahul, bihotz-ukitu ta bakarrik, Paust'ek bezelaxe.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus