XLI

ITZULERA

 

        Ba-gentozan biok, zamaturik, mendietatik; Platero txipabelarrez; ni, amabirjinalore horiz. Jorraila-arratsa apaltzen zan. Sartaldean urre-leiarra izandako guzia, zilar-leiarra zan gero, zitorizko ta leiarrezko alegori legun eta argitsu bat. Gero, zeru zabala, esmeral bihurtu sapir garden bat bezela izan zan. Goibel itzultzen nintzan.

Hurbil genularik, teilaxka dirdizariz buruntzatu - herriko torreak, oroitailu itxura hartzen zun, ordu garbiaren goratzean. Urrundik ikusiriko Giralda bat bezelakoa zan, hurbildik, eta udaberriaz zorroztutako nire iri-minak, xuspergarri mudurri bat arkitzen zun hartan.

        Itzulera... nora? zertatik?, zertarako? ... Baina nirekin zetozan Amabirjinaloreek, sartzen zan gauaren hozkirri epelean, usain gehiago ematen zuten, usain sarkorrago ta ezbaikoagoa batera ematen zuten, lorea ikusi gabe, loretik irtetzen zana, ta itzal bakarretik gorputza ta gogoa zerbeltzen zituna.

        —Ene gogoa, amabirjinalorea itzalean! —esan nun. Eta bat-batetan, nire azpian joan arren, ama nun Platero gogoratu zitzaidan.

 

 

 

© Juan Ramon Jimenez
© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 


"Platero eta biok" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus